Klima eta Energiaren Asteak udalek, ikastetxeek, unibertsitateek, enpresek, GKEek eta beste gizarte eragile batzuek bultzatutako proposamenik berritzaileenak eta parte hartzaileenak nabarmenduko ditu
Baldintzak betetzen dituzten jarduera guztiek aitortza jasoko dute herritarren sentsibilizazioan egindako ekarpenagatik, eta epaimahai espezializatu batek edizioko sei ekimenik onenak hautatuko ditu
ASTEKLIMA-Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen zortzigarren edizioak ekintza klimatikoa herritarrei hurbiltzeko lan egiten duten erakundeen konpromisoa aitortuko du berriro. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ihoberekin eta Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) batera, aitortzarako beste deialdi bat jarri du abian, ASTEKLIMA 2026ren barruan herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko egindako ekimen onenak nabarmentzeko.
"Zure arrastoa keinu bakoitzean hasten da" lelopean, Euskadi klima aldaketari aurre egiteko topagune, ikaskuntza eta ekintza gune handi bihurtuko da. Urriaren 16tik 25era, Klimaren eta Energiaren Asteak administrazioak, ikastetxeak, enpresak, gizarte erakundeak eta herritarrak bilduko ditu jarduera programa zabal baten inguruan, zeina ekintza indibidual eta kolektibo bakoitza klimaren aldetik neutroa, erresilienteagoa eta trantsizio energetikoarekin konprometituagoa den gizarte bat eraikitzeko orduan kontuan hartzen dela erakusteko diseinatu den.
Ekimenaren helburua da administrazio publikoek, ikastetxeek, unibertsitateek, erakunde sozialek, enpresek eta beste eragile batzuek trantsizio energetikoari eta klima aldaketaren aurkako borrokari buruz informatuago, parte hartzaileago eta konprometituago dauden herritarrak sustatzeko egiten duten lana ikusaraztea.
Aurreko edizioan, errekonozimendu hauek egin ziren: Oarsoaldea Garapen Agentzia, 20.000 biztanletik gorako udalerrien edo eskualdeen kategorian, herritarren parte hartzea eta energia komunitateak bultzatzen dituen 50/50 Proiektuagatik; Ermuko Udala, 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietan ekimenik onena izateagatik, EkiElkar energia komunitateari lotutako Energia Eguna ekintzagatik; Kripango Udala, 5.000 biztanletik beherako udalerrien kategorian, klima aldaketak hegazti eta anfibioetan duen eraginari buruzko interpretazio ibilbideagatik; eta Donostiako Intxaurrondo Ikastola, ikastetxeen kategorian, «Gure bazkariek ez dezatela planeta hautsi» proiektuagatik, ikasleen artean hondakinak murriztera eta ohitura jasangarriak sustatzera bideratuta.
Parte hartzen duten ekimen guztientzako aitortza
Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat da ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta baliozkotzen diren ekintza guztiek aitortza ofiziala jasoko dutela, ASTEKLIMA 2026ri eta herritarrak klima aldaketari buruz sentsibilizatzeari egindako ekarpenagatik.
Gainera, aurkeztutako hautagaitza guztien artean, epaimahai espezializatu batek Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astean garatutako ekimenik onenak aukeratuko ditu, eta parte hartzea, berrikuntza eta inpaktu soziala sortzeko duten gaitasunagatik nabarmentzen diren proposamenak sarituko ditu.
Deialdia jasangarritasunaren alde konprometitutako erakunde ugariri irekita dago. Udalek eta toki erakundeek, ikastetxe eta lanbide heziketako zentroek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek (ZTBES), gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) eta beste eragile sozial edo ekonomiko publiko zein pribatuek batzuek parte har dezakete, betiere herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko ekimenak garatzen badituzte.
Ekimenen aniztasuna aitortzeko sei kategoria
Errekonozimenduak ASTEKLIMAn parte hartzen duten eragileen aniztasunera egokitzen dira. Toki erakundeen kasuan, 5.000 eta 20.000 biztanle arteko eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri edo eskualdeetan egindako ekimenik onenak sarituko dira.
Horrez gain, ikastetxeek eta lanbide heziketako erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek eta gainerako eragile sozial edo ekonomikoek (unibertsitateak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko erakundeak barne) bultzatutako proposamenik onenak ere bereiziko dira. Guztira, sei errekonozimendu emango zaizkie edizioko ekimenik nabarmenenei.
Tailerrek, esperientzia parte hartzaileek, sentsibilizazio kanpainek, hezkuntza ekintzek, ekimen komunitarioek edo proposamen sortzaileek aukera izango dute errekonozimendu horiek jasotzeko, baldin eta portaera aldaketak eta herritarren inplikazio handiagoa sustatzen laguntzen badute, klima aldaketari eta trantsizio energetikoari dagokienez.
Ekimenik onenak hautatzeko, epaimahaiak hainbat alderdi baloratuko ditu, hala nola Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen helburuekin bat etortzea, berrikuntza maila, herritarren aldetik lortutako partaidetza, sortutako inpaktua eta esperientzia beste udalerri edo erakunde batzuetan erreplikatu ahal izateko aukera.
Sariak banatzeaz gain, ekimenaren helburua da esperientzia arrakastatsuak partekatzeko gune bat sortzea, udalerri, ikastetxe edo erakunde batean garatutako jardunbide egokiak Euskadiko beste erakunde batzuentzat inspirazio iturri izan daitezen.
Interesa duten erakundeek ASTEKLIMAren webgunean prestatutako formularioaren bidez aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak. Jarduerak egin ondoren, azaroaren 13a baino lehen justifikazio memoria bat bidali beharko dute sarietara aurkezteko. Sariak Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako ekitaldi publiko batean emango dira, non nabarmendu egingo den parte hartzen duten erakunde guztiek Euskadi jasangarriago, erresilienteago eta ekintza klimatikoarekin konprometituago bat eraikitzeko duten konpromisoa.