Skip to main content

Actualidad

servicios

Basque Circular Hubek ekonomia zirkularreko estrategien prestakuntza eta inplementazioa errazteko diseinatutako zerbitzu berriak aurkeztu ditu. Tresna horiek arlo horretako ezagutzak eskuratu nahi dituzten pertsonei zein laguntza eta baliabide espezializatuak bilatzen dituzten profesional, enpresa eta ikasleei zuzenduta daude.

Hona hemen zerbitzu berriak, gure hiru egoitzetan (Bilbon, Vitoria-Gasteizen, Arrasate/Mondragónen):

GRADU/MASTER AMAIERAKO LANEI LAGUNTZEKO ZERBITZUA

Zerbitzu hau gradu, master edo doktoregoko proiektu akademikoak garatzen edo planifikatzen ari diren eta beren ikerketan ingurumen inpaktuaren ikuspegia txertatu nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Metodologia aurreratuetan orientazioa behar dutenentzat diseinatuta dago espezifikoki, hala nola zirkulartasunaren ebaluazioan edo bizi zikloaren analisian (BZA) orientazioa behar dutenentzat. Gainera, zerbitzuak SimaPro, OpenLCA eta Ihoberen Climate & Circularity Calculator tresna espezializatuak erabiltzeko laguntza ematen du.

Era berean, zerbitzu hau gradu amaierako edo masterreko lanerako oraindik gai zehatzik ez duten eta ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektuetan enpresekin lankidetzan aritu nahi duten ikasleentzat pentsatuta dago. Zerbitzu honen bidez, ikasleen eta enpresen arteko harremana erraztu, eta lankidetza aukerak identifikatzen laguntzen da. 

Kontsultatu tutoretza zerbitzuaren oinarriak: Tutoretzaren oinarriak

BIZI ZIKLO ANALISIARENTZAKO SOFTWAREA ERABILTZEKO ZERBITZUA

Zerbitzu hau ikasleentzat, profesionalentzat eta Euskadin bizi den edozein pertsonarentzat da, baldin eta bizi zikloaren analisian espezializatutako softwarea erabiliz ingurumen metrikak kalkulatzeko interesa badu, hala nola SimaPro, OpenLCA (hezkuntza helburuekin) eta Climate&Circularity Calculator tresna. Erabiltzaileak doan sar daitezke Basque Circular Hubek Gasteizen, Bilbon edo Arrasaten dituen instalazioetan gaitutako ordenagailuetako batera, eta bertan, tresna horietarako sarbidea aurkituko dute. Era berean, zerbitzuak, hilero-hilero, zalantzak argitzeko eta praktiketako gazte taldearen laguntzarako bilerak eskaintzen ditu Basque Circular Hubeko egoitzetan, orientazioa eta aholkularitza teknikoa emateko.

Kontsultatu software zerbitzuaren oinarriak: Softwarea erabiltzeko oinarriak

EKONOMIA ZIRKULARREKO AUTOPRESTAKUNTZA ZERBITZUA 

Zerbitzu honen bidez, interesa duten pertsonak ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza baliabide ugari dituen ordenagailu batera sar daitezke. Baliabide horien artean daude: gida praktikoak, ikastaroak, ikus-entzunezko materialak eta ezagutza sustatzeko eta estrategia jasangarrien inplementazioa bultzatzeko diseinatutako tresnak. Espazio hori kalitatezko materialen babesarekin modu autonomoan ikasi nahi dutenentzat pentsatuta dago. Gainera, software zerbitzuan bezala, zalantzak argitzeko bilerak antolatzen dira hilero eta, erabiltzaileek praktiketako gazte profesionalen taldearen laguntza izan dezakete, Basque Circular Hubeko egoitzetan.

Kontsultatu autoprestakuntza zerbitzuaren oinarriak: Autoprestakuntzaren oinarriak

KARAKTERIZAZIO FAKTOREAK SORTZEA BIZI ZIKLOA ANALISIARAKO

Zerbitzu hau, batez ere, ingurumen metrikak kalkulatzeko Climate&Circularity Calculator tresna erabiltzen duten eta analisietarako karakterizazio faktore espezifikoak eskatzen dituzten enpresei zuzenduta dago. Ekimen honen bidez, enpresek karakterizazio faktore espezifikoak sortzea eska dezakete, eta Basque Circular Hubeko taldea arduratuko da horiek garatzeaz eta tresnan kargatzeaz. Prozesu horrek, enpresei karakterizazio faktore zehatzagoak izateko aukera emateaz gain, Climate&Circularity Calculator tresna bera aberastu eta zabaldu ere egiten du etengabe, erabiltzaileentzat osoagoa izan dadin.

Kontsultatu karakterizazio faktoreen zerbitzuaren oinarriak: Karakterizazio faktoreen oinarriak

Basque Circular Hub, hain zuzen, Euskadin ekonomia zirkularra bultzatzeko ekimena da, eta zerbitzu aurreratuak eskaintzen dizkie enpresei, administrazio publikoei eta profesionalei. Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak,  kudeatzen du eta hainbat erakunderekin daukan lankidetza publiko-pribatutik sortzen da; besteak beste, udalekin eta unibertsitateekin. Bilbon, Gasteizen eta Arrasaten ditu egoitzak, eta Estatuan eta Europa hegoaldean erreferente gisa sendotu da. Prestakuntza aurreratua eta joeren azterketa eskaintzen ditu eta ezagutza aditua eta estrategia zirkularrak inplementatzeko tresna teknikoak sortzen ditu.

Documentación