Skip to main content

Actualidad

Visita

Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Basque Circular Hub (BCH) ekonomia zirkularreko zentro aurreratuak ate irekien lehen eguna antolatu zuen azaroaren 5ean, Bilboko Zabalgune eraikinean. Topaketan 60 gazte baino gehiago bildu ziren. Hain zuzen, azken mailako ikasleak eta titulua eskuratu berri duten profesionalak, guztiak ere ingurumen zerbitzuen eta ekonomia zirkularraren arloko lan aukerak aztertzeko interesa dutenak.

Bilboko BCH, zehazki, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko eta Gasteizko Udalek eta hainbat unibertsitatek (Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Tknika eta Novia Salcedo Fundazioa) sustatutako lankidetza publiko-pribatuko ekimen baten parte da.

Jardunaldian, Ekodiseinatuz formazio programa aurkeztu zen. Programa hori azaroaren 24an jarriko da martxan, eta graduko azken urteko ikasleei dago zuzenduta. Programaren helburua da ekonomia zirkularrarekin lotuta azaleratzen ari diren sektoreetan gazteen laneratzea erraztea, ekodiseinuarekin eta ingurumen gaitasunekin lotutako formazio espezializatuaren bidez.

Gainera, Basque Circular Hubeko gaitasun zirkularren plataformaren lehen emaitza txostenaren ondorio nagusiak partekatu zituen Ihobek. Tresna horrek modu sistematikoan aztertzen ditu lan merkatuaren bilakaera eta trantsizio ekologikoaren testuinguruan sektore pribatuak gehien eskatzen dituen profil profesionalak identifikatzeko araudiak. Txosten osoa 2025eko abenduan argitaratuko da.

Jardunaldian, Basque Green Talent programako hiru parte hartzaileren testigantza ere jaso zen. Gazte horiek, gaur egun, Bilboko egoitzan ari dira praktikak egiten. Kontatu zituzten esperientzien bidez, agerian geratu zen BCHk jasangarritasunarekin konprometitutako gazte eta enpresen arteko formazio, berrikuntza eta konexiorako espazio gisa duen zeregina.

Ekimen honekin, Basque Circular Hubek indartu egin du talentu gaztearen eta ekonomia zirkularraren arteko topagune izateko duen zeregina, eta, hala, Euskadin aukera profesional berriak sortzen laguntzen du.