Gaur egun

Ihobek “KLIMAMETRAJE” gazteen film laburren lehiaketaren bigarren edizioa jarri du abian, larrialdiari eta ekintza klimatikoari buruz sentsibilizatzeko

deco-bandas
  • Lehiaketa ikus-entzunezko sortzaile gazteen talentuan oinarritzen da, ekiten hasteko, klima aldaketa arintzeko eta aurreikusten diren inpaktuetara hobeto egokitzeko.
  • Ikus-entzunezkoak gustatzen zaizkien eta ingurumen arloko kezkak dituzten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
  • Lanak formatu digitalean sortu behar dira, eta urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke.

 

Ihobek, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera atxikitako ingurumen kudeaketako sozietate publikoak, “KLIMAMETRAJE” gazteen film laburren II. edizioa jarri du martxan. Honako gai hau ezarri da: “Ekintza klimatikoa. Zer ekintza egin ditzakegu klima aldaketari aurre egiteko?”. Epaimahaiak kontuan hartuko du ekiten hasteko, klima aldaketa arintzeko eta espero diren inpaktuetara egokitzeko baliagarriak izango diren motibazio mezuak txertatzea.

Lehiaketa hau, hain zuzen, teknologia berrien bidez ikus-entzunezko sorkuntza hedatzera bideratuta dago, ikus-entzunezko sortzaile gazteen talentuari esker herritarrak larrialdiari eta ekintza klimatikoari buruz kontzientziatzeko eta mobilizatzeko modu berriak aurkitzeko asmoz.

“KLIMAMETRAJE”, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren, ikus-entzunezko eta ingurumeneko ezagutzak edo kezkak dituzten eta 18 eta 30 urte bitartean dituzten gazte taldeei zuzenduta dago. Lanak aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da (asteartea). “KLIMAMETRAJE” lehiaketaren bigarren edizioa “ASTEKLIMA 2023” Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen esparruan abiatu da. Ekimen hori urriaren 1ean amaituko da, eta helburutzat dauka herritarrak beharrezkoa den trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean sentsibilizatzea.

Piezek ezin izango dute 30 segundo baino gutxiagoko iraupena izan, ezta 3 minutu baino gehiagokoa ere, eta formatu digitalean sortu behar dira, 1920 x 1080 pixeleko HD neurriarekin; MOV eta H264 fitxategi formatuak. Film laburrek lokuzioa badute, euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango da.

Ikus-entzunezko sektorean eta klima aldaketaren eta horrek ingurumenean dituen ondorioen azterketan esperientzia duten pertsonek osatutako epaimahaiak emango du film labur onenaren saria: 1.500 eurokoa. Era berean, publikoaren sari bat emango da: 5 VIP sarrera BBK Live 2024 jaialdirako.

Izen-ematea Festhome plataformaren bidez egingo da, parte hartzeko eskabidea online betez, eta oinarriak hemen kontsulta daitezke: https://asteklima.eus/klimametraje/index-eu.html

 

Otras Noticias