Jarduera honetan, hegaztiak goizaldean leku egokietan jartzen diren sare bertikal kaltegabeen bidez harrapatzen dira. Hegaztiek jarduera handiena eguneko lehen lau orduetan izaten dute, eta ordu horiek aprobetxatzen dira haiek harrapatzeko, datu biologikoak jasotzeko, eraztuntzeko eta askatzeko. Horrela, urtez urteko datuak lortzen dira, eta horiek lagungarriak izan daitezke hegaztien portaeran klima-aldaketak eragindako aldaketak ezagutzeko. Tailer honetan, parte-hartzaileei eraztunketa zientifikoaren garrantzia azalduko zaie, inguruko hegaztiak ezagutzeko trebatuz eta haien presentziaz gozatzeko aukera eskainiz. Eraztunketa tailerrak sentsibilizaziorako tresna bikainak dira; hegaztiak nola harrapatzen diren kalterik eragin gabe, zer informazio ateratzen zaien eta nola askatzen diren zuzenean ikusteak eragin handia izaten du bai gazteengan bai helduengan.