Irailaren 23an, Eusko Jaurlaritzak 2025eko dirulaguntzen Agindua argitaratu zuen, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak gauzatzen dituzten tokiko erakundeei laguntzak emateko deialdia zabaldu eta oinarriak ezartzeko.
2019an, Eusko Jaurlaritzak larrialdi klimatikoaren adierazpen instituzionala sinatu zuen. Helburu nagusia 2050erako berotegi-efektuko gasen emisioetan neutraltasuna lortzea da, eta klima-aldaketarekiko erresilientea izango den lurraldea eraikitzen aurrera egitea.
Testuinguru honetan, tokiko erakundeak dira herritarrengandik eta lurraldetik gertuen daudenak, eta, horregatik, funtsezko eragile bihurtzen dira inpaktua duten ekintzak abiarazteko orduan. Haien proiektuen bidez, benetako aldaketak eragin ditzakete, herritarren artean ohitura jasangarriak sustatzeko sentsibilizazioa indartu eta eredugarri izan. Agindu honen helburua da ekintza horiek bultzatzea.
Diruz lagundu daitezkeen jardun-lerro guztiak Eusko Jaurlaritzak klima-arloan onartu dituen arau, estrategia eta planekin bat datoz, hala nola: Euskadiko 2030eko Ingurumeneko V. Esparru Programa, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2020-2030 Plana, 2030erako Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategia eta Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia.
Deialdiak hainbat jardun-lerro aurreikusten ditu hainbat arlo estrategikoetan, besteak beste: lurzoruaren berreskuratzea, natura-ondarea, hondakinen kudeaketa eta balorizazioa, lurzoruaren tokiko kudeaketa, jasangarritasunerako hezkuntza, klima-aldaketa eta ASTEKLIMA.
Laguntza hauek eskatzeko epea irailaren 24tik urriaren 24ra egongo da zabalik, eta udalek, mankomunitateek eta bestelako euskal tokiko erakundeek aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak, betiere garapen jasangarriko helburuekin eta lurraldearen trantsizio energetiko eta klimatikoaren erronkekin bat badatoz.
Eskabideak aurkezteko epea urriaren 24an amaitzen bada ere, proposamena ahalik eta lasterren aurkeztera animatzen zaituztegu. Modu honetan, zuen jarduera ASTEKLIMAren webgune ofizialean jaso eta argitaratu ahal izango da, eta ASTEKLIMAren hedapen- eta komunikazio-kanaletatik zabaldu.
ASTEKLIMA lerroko eskabideak aurkezteko epeei, baldintzei eta dokumentazioari buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri.