Gaur egun

Euskadik irailean egingo du ASTEKLIMA-Klima eta Energiaren Astearen laugarren edizioa

deco-bandas
  • ASTEKLIMA 2023 irailaren 22tik urriaren 1era itzuliko da, Euskadiko bazter guztiak ehunka jarduerarekin betetzeko eta, beste behin ere, klima aldaketa euskal herritarren agendan txertatzeko, ‘ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’ lelopean.
  • Ihobe eta EEE Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoek sustatutako Euskadiko Klima eta Energiaren Asteak herritarrak mobilizatuko ditu, beharrezkoa den trantsizio energetiko eta klimatikoari aurre egiteko
  • Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro arteko laguntzak bideratuko ditu, Euskal udalek eta toki erakundeek herritarren sentsibilizazio ekintzak egin ditzaten; eskaera epea uztailaren 7tik aurrera dago zabalik, eta abuztuaren 7ra arte luzatuko da

2023ko irailaren 22tik urriaren 1era, klima aldaketaren aurka mobilizatzeko jarduerez beteko da Euskadi, ASTEKLIMA 2023-Klima eta Energiaren Astearen laugarren edizioarekin. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ihobe eta EEE erakunde publikoen bidez sustatutako ekimen honek herritarrak kontzientziatu eta mobilizatu nahi ditu beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoari aurre egin diezaioten, premisa baten pean: ekintza oro, txikia izan arren, garrantzitsua dela.

ASTEKLIMA 2023k EAEko hiru lurralde historikoetara zabalduko du jarduerez jositako egutegia: tailerrak, hitzaldiak, interpretazio txangoak, jokoak eta beste esperientzia batzuk. Jarduera horiek aproposak izango dira euskal gizarteko era guztietako ikusleentzat –kasu askotan, guzti-guztientzat–. Hala, klima aldaketak dakartzan erronkak ezagutzeko aukera izango dute, eta gaur egungo eta etorkizuneko erronka klimatikoei eta energetikoei aurre egin ahal izateko tokiko jardunak duen garrantzia ulertuko dute.

Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen laugarren edizioa izango da aurtengoa. 2019an sortu zuten, herritarrak kontzientziatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko konpromiso pertsonalerantz mobilizatzeko. 

2022ko aurreko edizioan, 58 udalek, mankomunitate batek eta hiru administrazio batzarrek hartu zuten ekintza klimatikoari begirako konpromisoa, eta baita sektore pribatuko hiru elkartek eta bost erakundek ere. Horri esker, 200 jarduera baino gehiago antolatu ahal izan ziren, udalerrien eta herritarren ekintza ardatz hartuta, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren erronka dela-eta herritarrak mobilizatzeko eta gaia euren agendan txertatzeko. 

Beste esperientzia batzuen artean, tokiko ekoberrikuntza klimatikoko proiektuen aurkezpenak egin ziren, hala nola Oñatiko (Gipuzkoa) Natur Eskolan, bioeraikuntza soluzioak eta naturan oinarritutako soluzioak txertatuta birgaitutako eskolan; edo klima aldaketari, berrerabilerari, birziklapenari, robotikari, kosmetika naturalari, konposta egiteari eta beste hainbat gairi buruzko tailerrak; bai eta herritarren boluntariotza ekimenak ere, hala nola itsas hondoen garbiketak, landaketak edo zaborra jasotzea; edo gure ingurunea ezagutzeko txangoak eta ibilbideak, zein kultur proposamenak: antzerkia, kontzertuak, ipuin kontaketak edo horma irudiak.

ASTEKLIMAren edizio hartako beste jarduera nabarmenetako bat “Ondare naturalean ekintza klimatikoa bultzatzeko tresnak” jardunaldia izan zen, non Ihobe sozietate publikoak ondare naturalean ekintza klimatikoa bultzatzen duten tresnen bilduma berritzaile bat aurkeztu zuen (metodologiak, analisi tresnak, kalkulu tresnak eta kasu praktikoak), klima aldaketak Euskadiko ondare naturalean dituen ondorioei buruzko diagnostiko prozesua sinplifikatzeko asmoz.

Laguntzak toki erakundeei

ASTEKLIMA 2023 toki erakundeen zein herritarren parte hartzea eta inplikazioa areagotzeko bokazioarekin itzuli da, eta, herritarrak mobilizatzeko jardueren antolaketa errazteko, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 200.000 euro arte bideratuko ditu laguntzetan.

Deialdi honi esker, diruz lagunduko dira, besteak beste, hitzaldiak, jardunaldiak, tailerrak, erakusketak, ipuin kontaketa, zinema, antzerkia, bideo lehiaketak zein argazki lehiaketak, bisita gidatuak edo ate irekiko jardunaldiak, betiere, Euskadiko Itun Berdearen garapen bidezko eta jasangarrirako helburuekin bat baldin badatoz. Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udal, eskualde bulego, mankomunitate, koadrila eta garapen agentziak eskuratu ahal izango ditu laguntza horiek. 

2023ko irailaren 22aren ondoren hasi eta urriaren 1a baino lehen amaitzen diren ekintzak bakarrik lagunduko dira diruz, bi egun horiek barne. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da 2023ko  uztailaren 7tik abuztuaren 7ra; dena den, laguntzen deialdiari buruzko informazio guztia eskura dago esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2023/herrijasangarriak_asteklima2022/web01-tramite/es/ 

Bestalde, ASTEKLIMA 2023 ekimenari buruzko informazio eguneratua, albiste interesgarriak eta jardueren egutegia barne, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen webgune ofizialean agertuko da, pixkana-pixkana: www.asteklima.eus.

Otras Noticias