Gaur egun

Euskadik ASTEKLIMA – Klima eta Energiaren Astearen hirugarren edizioa egingo du irailean

deco-bandas
  • ASTEKLIMA 2022 itzuli egingo da, irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean, Euskadiko bazter guztiak ehunaka jarduerez betetzeko eta klima-aldaketa euskal herritarren agendan jartzeko, premisa batez: ekintza orok, txikia izanda ere, badu garrantzia.
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe eta EEE erakundeek bultzatuta, Euskadiko Klima eta Energiaren Asteak herritarrak mobilizatuko ditu nahitaezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean.
  • Euskadiko udal eta toki-erakundeei herritarrak sentsibilizatzeko ekintzak gauzatzen laguntzeko xedez, Eusko Jaurlaritzak 200.000 eurorainoko laguntzak bideratuko ditu; eskaria egiteko epea irekita egongo da 2022ko ekinaren 30etik uztailaren 29ra arte.

 

2022ko irailaren 23tik urriaren 2ra bitartean Euskadi jarduerez beteko da herritarrak klima-aldaketaren aurka mobilizatzeko, ASTEKLIMA 2022rekin, hau da, Klima eta Energiaren Astearen hirugarren edizioarekin. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ihobe eta EEE sozietate publikoen bidez bultzatzen duen ekimen honen asmoa da herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea nahitaezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean, premisa batez: ekintza orok, txikia izanda ere, badu garrantzia.

ASTEKLIMA 2022k jarduera ugariko egutegi bat eskainiko die hiru euskal lurralde historikoei, hala nola tailerrak, hitzaldiak, interpretazio-txangoak edo jolasak, euskal gizartearen askotariko publikoei zuzenduta; horrek ahalbidetuko die klima-aldaketak dakartzan desafioetan barneratzea eta toki-eremutik jardutearen garrantzia ulertzea, oraingo eta etorkizuneko erronka klimatiko eta energetikoei heltzeari begira.

Hau izango da Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen hirugarren edizioa; ekimen hau 2019ko martxoan sortu zen, herritarrak klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta berarekin hartu beharreko konpromiso pertsonalerantz mobilizatzeko.

Bigarren edizioan -2020an bertan behera utzi eta 2021era atzeratu zen, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz-, 63 udalek eta 13 erakundek (mankomunitate bat eta administrazio-batzar bat, elkarte batzuekin eta sektore pribatuarekin batera) klima-ekintzarekin hartutako konpromisoari esker, 200 jarduera antolatu ahal izan ziren, 5.000 pertsonaren parte-hartzearekin.  Jardueren artean, azpimarratzekoa da PreCOP26ren ekitaldi ofizial hau egin zela: “Urban Klima 2050: Euskadin egokitzapena finantzatzeko agente anitzeko lankidetza”. Bertan, Euskadiko klima-aldaketaren arloko proiektu handienaren aurrerapenak erakutsi ziren.

 

Toki-erakundeentzako laguntzak

ASTEKLIMA 2022an itzultzen da aurreko parte-hartzea eta inplikazioa berdintzeko edo gainditzeko, bai toki-erakundeena eta bai herritarrena; horrekin batera, herritarrak Euskadiko “trantsizio berdearen” inguruan mobilizatzeko ekintzen antolaketa errazteko xedez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 200.000 euro bideratuko ditu laguntzetara, Ihobe sozietate publikoaren lankidetzarekin.

Deialdi honi esker, diruz lagundutako askotariko ekintzak egingo dira, hala nola hitzaldiak, jardunaldiak, tailerrak, erakusketak, ipuin-kontalariak, zinema, antzerkia, bideo- edo argazki-lehiaketak, bisita gidatuak eta ate irekien jardunaldiak, beste askoren artean, horiek guztiak Euskadiko garapen bidezko eta jasangarrirako Itun Berdearekin lerrokatuta egonda, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udal, eskualde-bulego, mankomunitate, kuadrilla eta garapen-agentziak eskatu ahal izango ditu. Diru-laguntzak jaso ditzaketen ekintzak 2022ko irailaren 23aren ostean hasi eta urriaren 2an bukatzen diren ekintzak soilik izango dira –bi data horiek barne sartuta-.

Eskariak aurkezteko epea 2022ko ekainaren 30etik uztailaren 29ra arte egongo da irekita, baina diru-laguntzei buruzko informazio guztia jadanik dago eskuragarri esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2022/herrijasangarriak_asteklima2022/web01-tramite/es/

 Beste alde batetik, ASTEKLIMA 2022ri buruzko informazio eguneratu guztia, intereseko albisteak eta jardueren egutegia barne sartuta, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen  webgune ofizialean aurkitu ahal izango da: www.asteklima.eus.

Otras Noticias