- Euskadiko Klima-aldaketaren Asteak doako jarduerak izango ditu publiko guztientzat, herritarren konpromiso pertsonala klima-krisiaren aurrean mobilizatzeko xedez
- Ekimen guztiak martxoaren 21etik 29ra bitartean gauzatuko dira euskal lurralde osoan, eta, besteak beste, tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak, erakusketak eta ikus-entzunezko ekintzak hartuko dituzte barne
Euskal herritarrak aurtengo martxoaren 21etik 29ra bitartean mobilizatuko dira, ASTEKLIMArekin. Izan ere, Euskadiko Klima-aldaketaren Astea bigarren urtez jarraian egingo da udalerri ugaritan. Doako jarduera ugari biltzen dituen aste oso bat da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Ihobe sozietate publikoaren bitartez bultzatua; bertan, gainera, udalek eta sektore pribatuak ere parte hartzen dute.
ASTEKLIMAren helburu nagusia da herritarrak klima-aldaketaren aurkako konpromiso pertsonalerantz mobilizatzea. “Ekintza guztiak, txikiak izan arren, kontuan hartzekoak dira”, gogoratzen dute Ingurumen Sailetik. Bada, premisa hori errepikatu egingo da Euskadiko bazter guztietan garatuko diren jardueretan, klima-aldaketaren aurkako borrokan pertsona guztien egunerokotasunean sakontzea xedetzat hartuta.
Oraingoan, ASTEKLIMAk enpresa eta erakundeen ingurumen-ekintza jasangarriei helduko die. Horren adibidea “Erakundeen karbono-aztarna” jardunaldia izango da, Bilbon egingo baita martxoaren 26an, osteguna; Donostian, berriz, ‘Klimaren aldeko eskolarteko Hackathona’ ikasleengana hurbilduko da martxoaren 27an, ostirala, gai horren inguruan duten kontzientziazioa bultzatzeko. Gasteizek tokiko administrazioei begiratuko die martxoaren 25ean, asteazkena, Alkatetzen Klima eta Energiarako Itunaren jardunaldi estatalarekin. Halaber, zinema eta klima-ekintzaren erakustaldiaren lehenengo edizioa abiatuko da, KlimaFest izenarekin, eta baita gazteentzako dinamika berezi bat ere, Novia Salcedo Fundazioak gidatua.
Euskadiko Klima-aldaketaren Astean programatutako jarduera guztiek asmo berbera dute, alegia, euskal herritarren lidergoa eta konpromisoa berrestea klima-krisiaren aurrean. Bederatzi egunetan garatuko diren ekimenak gaurtik aurrera kontsulta daitezke asteklima.eus webgunean, eta barne hartzen dituzte hitzaldiak, tailerrak, jardunaldiak, lehiaketak, erakusketak eta ikus-entzunezko ekintzak. Horien artean, ‘Planetaren Ordua’ izenez ezagutzen den ekimena ere badago. Berau martxoaren 28an egingo da, 20:30etik 21:30era, WWF nazioarteko erakundeak bultzatua. Ekimenaren helburua da mundu osoko herritarrak eta erakundeak argi guztiak itzaltzera animatzea, ordu horretan, horren bidez klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren aurka kontzientziatzeko.
Irauteko bokazioa duen aste bat
ASTEKLIMAren lehenengo edizioa 2019ko martxoan egin zen, eta oso arrakastatsua izan zen parte-hartze aldetik: 6.640 parte-hartzaile, 64 ekitaldi –horien artean, Change the Change Klima-aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia- eta 47 udalerriren lankidetza. Aste hori abiatzearen bitartez, euskal gizarteak, beraren instituzioek eta beraren enpresek garbi erakutsi zuten klima-aldaketaren aurrean duten konpromisoa. Horregatik, 2020an ATEKLIMAren bigarren edizioa abiatu da, etorkizunerako finkatzeko asmoarekin.
Euskadiko herritarrek klima-aldaketari eta energiari buruz duten pertzepzioaren inguruko lehenengo azterlanaren arabera, euskal herritarren % 90ek uste du klima-aldaketa existitzen dela, eta herritarren ehuneko berbera ados dago helburu handinahiak ezartzearekin, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko.
Eusko Jaurlaritzak prestatutako 2018ko Ingurumen Profilaren arabera, Euskadik 18,9 milioi tona CO2 sortzen ditu urtean, 2005ean baino % 26 gutxiago, eta helburutzat hartzen du % 40 murriztea 2030eralp, Klima 2050 – Klima-aldaketaren Euskal Estrategiarekin bat etorriz. Beste herrialde batzuetako berotegi-efektuko gasen per capita emisioekin alderatuta, Euskadi hamalaugarren postuan dago, Alemaniaren atzean eta espainiar batez bestekoaren aurretik. Euskadiko Klima-aldaketaren etorkizuneko Legeak ezartzen duen helburua da karbono-neutraltasuna 2050. urtea baino lehen lortzea gure lurraldearentzat.
Jardueren garapenari buruzko informazio guztia eskuragarri dago www.asteklima.eus webgunean