Gaur egun

Donostiak, Bilbok eta Gasteizek zineari eta klimaren aldaketari buruzko KlimaFest jaialdia jasoko dute, Euskadiko Klima Aldaketaren II. ASTEKLIMA Astearen barruan

deco-bandas
  • Martxoaren 23tik 26ra, ekoiztu berri diren film dokumentalak proiektatuko dira Bilboko Golem–Alhondiga, Gasteizko Florida eta Donostiako Antzoki Zaharra zine-aretoetan. Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapena leihatilan jaso beharko da, bihartik, hilaren 11tik, aurrera.
  • Inaugurazio jardunaldia martxoaren 23an izango da, 20:00etan, Bilboko Azkuna Zentroko auditoriumean. “Metamorphosis” filma proiektatuko da, suntsitzen ari garenari buruzko Nova Ami eta Velcrow Ripper zinegile kanadarren poema bisuala.

Donostiak, Bilbok eta Gasteizek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ingurumen Kudeaketarako Ihobe Sozietate Publikoak Euskadiko Klima Aldaketaren II. Astearen, ASTEKLIMAren, barruan antolatutako KlimaFest zinemaldiaren lehen edizioa jasoko dute martxoaren 23tik 26ra. Programazioak duela gutxi ekoitzitako lau film dokumental biltzen ditu. Klimaren inguruko larrialdiaren hainbat alderditan jartzen dute arreta, planeta mailako dimentsioa duen arazo baten aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko. Saio guztietarako sarrera doakoa izango da, eta gonbidapena jaso beharko da, bihartik, hilaren 11tik, aurrera, dagokion leihatilan.

Jaialdia martxoaren 23an irekiko da, 20:00etan, Azkuna Zentroko auditoriumean, Bilbon, Nova Ami eta Velcrow Ripper zinegile kanadarren “Metamorphosis” (2018) film estatubatuarraren proiekzioarekin. Mundu osoko jaialdi espezializatuetatik igaro den dokumentalak, desagertzeko bidean dagoen natura ikusgarriaren eta zoragarriaren edertasunarengatik zirraragarriak diren irudiak eskaintzen ditu. Zintak plastikotasun ikaragarrizko irudiak inpaktu handiko beste batzuekin kateatzen ditu. Azken horietan lehorteak, suteek edo uholdeek orain arte ezagutu dugun guztia aurretik daramate.

KlimaFesten lehen edizio honek, gainera, Donostia Kulturaren lankidetza du Gipuzkoan, antolakuntzan parte hartzen duen erakunde gisa. Era horretan, inaugurazioko zinta hurrengo egunean, martxoaren 24an, 19:30ean, proiektatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean. “Metamorphosis” planetari zuzendutako olerki bisuala da. Nova Amiren eta Velcrow Ripperen (Occupy Love) film ederrak pultsua hartzen dio gure Lurrari, eta aldaketa sakoneko une baten lekuko da: mundu baten galera eta beste baten sorrera. Irudi zoragarriz osatutako marea jarioaren bitartez, “Metamorphosis”-ek bide bat irekitzen du orainaldetik etorkizunera, eta ikuspegi berri eta ausarta eskaintzen du gizateriarentzat eta munduarentzat.

Bilboko egoitzan ikusi ahal izango den zine programazioan “Santuario” (2019, ESP, Álvaro Longoria, 75′) dokumentala dago, Alvaro Longoriaren azken lana. Protagonistak eta ekoizleak Carlos eta Javier Bardem anaiak dira, eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren azken edizioan ikusi ahal izan zen. “Santuario” planetako azken eremu birjina babestera bideratutako kanpaina mediatiko, zientifiko eta politiko baten historia da. Greenpeacek ekimen horren bitartez markatutako helburua Antartikako Ozeanoan lurreko itsas santutegirik handiena sortzea da.

Zintak, Bardem anaiak laguntzen ditu Arctic Sunrise itsasontzian; izan ere, Antartikako Santutegiaren kanpainako bozeramaile gisa, eskura dituzten tresnak erabili behar dituzte ekimen honetarako ahalik eta herritar gehienen babesa lortzeko. Ikus-entzuleak zientzia, politika eta sare sozialak uztartzen diren moduaren lekuko izango dira, azkenean erabaki politiko baten menpe egongo den ekimen hori ia 3 milioi pertsonak babestea lortzeko. Dokumental hau Bilbon ikusi ahal izango da hilaren 25ean –Golem-Alhondiga zine aretoak, 20:00etan– eta Gasteizen 26an –Florida zine aretoak, 20:00etan–.

ESPAZIOTIK

Bilboko ikus-entzuleek “16 amaneceres” (2018, Pierre-Emmanuel le Goff, 117′) lan frantsesa ere ikusi ahal izango dute. Espaziora hegan egitea. Hori da Thomas Pesquet astronauta frantsesak errealitate bihurtu zuen ametsa, Kazakhstanen dagoen Baikonur kosmodromotik aireratu zenean. Lurretik 450 kilometroko altueran dagoen Espazioko Nazioarteko Estazioan, Pesquetek sei hilabete ematen zituen 50 eta 51 izeneko espedizioetako kide gisa. Urte erdi horretan, badirudi mundua ezezaguna den zerbaiterantz ari zela mugitzen. Egoera berezi horietan, elkarrizketa ezarri zen astronautaren eta “Printze txikiaren”, Antonie Saint-Exupéry idazlearen obra bisionarioaren, artean. Thomasek Lurraren orbitan dagoen ikerketa zentro horretara eraman zuen liburua. Esperientzia hori islatzen da dokumental honetan.

Azkenik, hilaren 26an, 19:30ean, Jennifer Baichwalen, Edward Burtynskyren eta Nicholas de Pencieren “Anthropocene: The Human Epoch”, (2018, KAN, 87′) dokumentala emango da Donostiako Antzoki Zaharrean. Filmak nazioarteko zientzialari talde baten –Anthropocene Working Group– ikerketa lanaren jarraipena egiten du. 10 urteko ikerketaren ondoren, Holozenoaren garaia XX. mendearen erdialdean amaitu zela agerian geratu da, Antropozeno aroari (gizakiaren aroa) bide emanez. Garai geologiko horretan, ingurumen arloko aldaketak ez daude, neurri handi batean, indar naturalen mende, giza ekintzaren mende baizik.

Horrek esan nahiko luke gizateriak borroka irabazi diola naturari, pertsona guztiak galtzaile izango garen borrokan. Mezu horrekin, Jennifer Baichwal eta Nicholas de Pencier zinegile kanadarrek, Edward Burtynsky argazkilari kanadarrarekin batera, elkarlaneko proiektu artistikoari ekin zioten. Zine arloko meditazio horretan argazki zirraragarriak eta aldi berean orekatuak nabarmentzen dira, eta baita ingurumen kontzientziazioaren aurreko konpromisoa ere.

KlimaFest, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ingurumen Kudeaketarako Ihobe Sozietate Publikoak, URA – Uraren Euskal Agentziarekin eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan, antolatutako Euskadiko Klima Aldaketaren II. Astearen, ASTEKLIMAren, barruan dago. ASTEKLIMAren bigarren edizioak ehundik gora jarduera biltzen ditu, gizartea arazo global horren inguruan kontzientziatzeko, planetaren suntsiketaren eta berotzearen aurrean sentsibilizatzeaz eta ekiteaz gain, ekimen orok, txikia izan arren, ingurunean eragin positiboa duela kontuan hartuta. Informazio guztia hemen dago eskuragarri: https://asteklima.eus/klimafest/

AGENDA

MARTXOAK 23

20:00 Azkuna Zentroko Auditorioa – BILBO (KlimaFest Irekia)
Metamorphosis” (2018, AEB, Nova Ami, Velcrow Ripper, 85′)
JBGA (Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin) /Sarrera librea

MARTXOAK 24

20:00 Golem – Alhondiga (6. aretoa) – BILBO
16 Amaneceres” (2018, FRA, Pierre-Emmanuel le Goff, 117’)
JBGA (Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin) /Sarrera librea

 

19:30 Antzoki Zaharra – DONOSTIA
Metamorphosis” (2018, AEB, Nova Ami, Velcrow Ripper, 85′)
JBEA (Jatorrizko bertsioa euskarazko azpitituluekin) /Sarrera librea

MARTXOAK 25

20:00 Golem – Alhondiga (1. aretoa) – BILBO
Santuario” (2019, ESP, Álvaro Longoria, 75′)
JBGA (Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin) /Sarrera librea

MARTXOAK 26

19:30 Antzoki Zaharra – DONOSTIA
Anthropocene: The Human Epoch” (2018, KAN, Jennifer Baichwal, Edward Burtynsky, Nicholas de Pencier, 87 ‘)
JBGA (Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin) /Sarrera librea

 

20:00 Florida zinema-aretoak (1. aretoa) – VITORIA – GASTEIZ
Santuario” (2019, ESP, Álvaro Longoria, 75 ‘)
JBGA (Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin) /Sarrera librea

Sarrera dohainik leku guztiak bete arte. Gonbidapenak leihatilan eskuragarri.

Otras Noticias