Gaur egun

ASTEKLIMA 2025ek herritarrak mobilizatzeko deia egin du, energia eredu jasangarriagoa eta klima aldaketara egokitutako eta erresilientea den gizartea lortzeko

deco-bandas
  • Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea urriaren 17tik 26ra egingo da 
  • 2025eko edizioan, ASTEKLIMAk herritarrak klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean mobilizatzeko eta sentsibilizatzeko duen zeregina indartzen da 
  • Urriaren 10era arte herritarren konpromisoa ekintza zehatz bihurtzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dira 
  • Eusko Jaurlaritzak laguntza lerro bat jarri du abian toki erakundeek beren udalerrietan ekintzak antola ditzaten ASTEKLIMA 2025en esparruan

 

ASTEKLIMA 2025 Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteak euskal gizartea mobilizatzera deitzen du urriaren 17tik 26ra, trantsizio energetikoan eta klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko lanetan aurrera egiteko, Euskadi energia eredu jasangarriago baterantz eta klima aldaketara egokituago eta erresilienteago den gizarte baterantz eramango duten ekintza indibidual eta kolektiboak sustatuz. Ihobe sozietate publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sustatutako ekimena da ASTEKLIMA.

Hamar egunez, tokiko erakunde publikoek, ikastetxe publiko eta pribatuek, unibertsitateek, gobernuz kanpoko erakundeek eta beste eragile sozial edo ekonomiko batzuek antolatutako ekintzen programazioa zabalduko du Euskadiko Klimaren eta Energiaren  Asteak, herritar guztiek parte har dezaten.

Helburu horrekin, ASTEKLIMA 2025ek Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteko agendan jarduera berriak txertatzeko  deialdia ireki die aipatutako eragileei. Proposatzen diren jarduerak doakoak eta jendearentzat irekiak izan beharko dira, eta «jakintzatik» «ekintzara» egon beharko dute hainbat esparrutan, hala nola etxeko energian, mugikortasunean, kontsumo arduratsuan, ekonomia zirkularrean, naturan eta osasunean. Aurkezten diren proposamenen ebaluazioan lehenetsiko diren alderdiak hauek izango dira, esaterako:  argitasun pedagogikoa, inpaktua eta parte hartzea, irisgarritasuna eta inklusioa eta trantsizio energetiko eta klimatikoko mezuekiko koherentzia. Horrez gain,  erreplikagarriak izatea ere baloratuko da.

Izena  asteklima.eus webgunean dagoen formularioaren bidez emango da, eta urriaren 10eko 14:00ak arte izango da horretarako  epea. Informazio guztia  asteklima.eus. webgunean dago.

2025eko ASTEKLIMA aitortzak ekimen onenetarako

ASTEKLIMA 2025ek berriro sarituko du euskal erakundeek klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean herritarren sentsibilizazio eta erantzunkidetasuna lortzen egindako ahalegina. ASTEKLIMAren 2025eko edizioan sartzeko onartu diren proposamen guztiak aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara.

Sariek tamaina desberdineko udalerri eta eskualdeetan garatutako ekimenak nabarmenduko dituzte, bai eta hezkuntza, gizarte eta ekonomia arloko proiektu nabarmenak ere. Guztira, sei sari emango dira, diploma batekin; Sari horietako bik — ikastetxeei eta GKEei dagozkienak — 1.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute, sariaren frogagarri gisako diplomaz gain.

Toki erakundeentzako laguntzak

Eskualde mailan eta udal mailan parte hartzea sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak laguntza lerro bat jarri du abian. Toki erakundeentzako dirulaguntzen gainean Eusko Jaurlaritzak irailaren 25ean argitaratutako aginduaren arabera, klima aldaketaren aurkako borrokan herritarrei ekintzara deitzeko asmoz ASTEKLIMA 2025 Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astean egiten diren ekintzak diruz lagundu daitezke.

Hauek dira finantzaketaren xede izan daitezkeen klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloko herritarren sentsibilizazio eta erantzukidetasun jardueren tipologiak: hitzaldiak eta jardunaldiak, tailerrak eta erakusketak, ipuin kontaketak, zinema, antzerkia, bideo lehiaketak, argazki lehiaketak eta beste lehiaketa batzuk; bisitak, irteerak eta ibilaldiak edo erakundeek proposatutako beste jarduera mota batzuk.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, diruz lagun daitezkeen gastuen %80 izango da, 7.000 biztanle baino gehiagoko jarduera eremua duten erakundeentzat, edo diruz lagun daitezkeen gastuen %95, 7.000 biztanle baino gutxiagoko jarduera eremua duten erakundeentzat.

Erakunde antolatzaileek gutxienez ASTEKLIMA hasi baino 15 egun lehenago jakinarazi beharko dituzte beren ekitaldiaren azken xehetasunak, egoitza elektronikoaren bidez. Informazio horri esker, jarduera guztiak batera zabaldu ahal izango dira. Gainera, 2025eko Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asterako sortutako material eta formatu ofizialak erabili beharko dituzte.

Otras Noticias