Gaur egun

ASTEKLIMA 2025 bihar abiatuko da, Euskadin ekintza klimatikoa eta energetikoa bultzatzeko 200 jarduera ingururekin

deco-bandas

Euskadi ASTEKLIMA Klimaren eta Energiaren Astearen edizio berri bat bizitzeko prestatzen ari da, urriaren 17tik 26ra bitartean, hiru lurralde historikoetan doako eta jendearentzat irekitako 200 jarduera ingururekin. Helburua: ekintza klimatikoa herritarrengana hurbiltzea eta trantsizio energetikoa maila lokaletik bizkortzea.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatuta, Ihobe eta EEE sozietate publikoen bidez, ASTEKLIMA 2025ek sentsibilizazio sozialerako duen bokazioa indartzen du, zorroztasun teknikoa eta ikuspegi parte hartzailea eta dibulgatzailea uztartzen duen programazioarekin.

Ezagutza ekintza bihurtzeko agenda askotarikoa

Hamar egunez, udalak, ikastetxeak, unibertsitateak, elkarteak, enpresak eta herritarrak elkartuko dira energia kontsumoari buruzko tailerrak, solasaldiak, hitzaldiak, antzerkia, zinema, lehiaketak, escape-roomak, erakusketak, ibilbide gidatuak, bisitak, ipuin kontalariak eta aire zabaleko jarduerak biltzen dituen programazio batekin.

Ekintza oro, txikia izan arren, garrantzitsua da” lelopean, ASTEKLIMA 2025ek klima aldaketaren aurrean rol aktiboa hartzera gonbidatzen ditu euskal herritarrak. Jarduerak zenbait esparrutan erantzukidetasuna sustatzeko diseinatuta daude, horien artean etxeko energia, mugikortasun jasangarria, kontsumo arduratsua, ekonomia zirkularra, biodibertsitatea eta ingurumen osasuna.

Aurtengo edizioa une erabakigarrian iritsi da, araudiak ezarritako erronka berriekin, eta jarduteko premiaz gero eta kontzienteago diren herritarrekin. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Klima eta Energiaren Ekobarometroak (trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruz herritarrek duten pertzepzioari buruzko azterketa), Ihobe Energiaren Euskal Erakundearekin eta Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoarekin lankidetzan egindakoak, azken emaitzak aurkeztu ditu, eta, horien arabera, euskal herritarren %75ek uste dute trantsizio energetiko eta klimatikoak aukera berriak ekartzen dizkiola euskal ekonomiari, eta %76k, halaber, klima aldaketagatik kezkatuta daudela adierazi dute.

Horrenbestez, ASTEKLIMA sendo ageri da funtsezko tresna gisa, konpromiso soziala aktibatzeko eta 2050 baino lehen Euskadi klimatikoki neutro eta energetikoki jasangarri baterantz aurrera egiteko.

Programazio osoa webgune ofizialean kontsulta daiteke: www.asteklima.eus.

Klima Azoka, jasangarritasunaren azoka ibiltaria

ASTEKLIMA 2025eko ardatz nagusietako bat KLIMA AZOKA izango da, EAEko hainbat udalerritan jarduera ludikoak egingo dituen azoka ibiltaria. Guztira 7 karpa izango ditu, eta, horietan, hainbat ingurumen gai jorratuko dira, hala nola: klima aldaketaren arrazoiak, energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta ikuspegi pertsonaletik aldaketari nola egin dakiokeen ekarpena. Azken helburua da pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea, eta ekintzaren batekin konprometitzea.

Klima Azoka Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astean egongo da, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, udalerri hauetan: Hernani, Getxo, Irun, Zalla, Amurrio, Arrasate, Legazpi, Mungia, Ortuella eta Sobron.

Familia jaiak Ekoetxea Sarean

Euskadi Ekoetxea ingurumen zentroen sareak ere bat egin nahi izan du Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearekin, sareko bost zentroetan garatuko diren Klimaren Aldeko Ekintza Jaien programazio berezi batekin. Jardunaldi horiek familia osoarentzat pentsatuta daude, eta dibertsioa, ikaskuntza eta herritarren konpromisoa uztartzen dituzte.

Hainbat jardueraren bidez, hala nola ingurune naturalean gidatutako ibilbideak, sormen tailerrak, ikuskizunak, jokoak eta merkatu jasangarriak eginez, Ekoetxe bakoitzak ekintza klimatikoa eguneroko bizitzara hurbiltzeko jardunaldi paregabea eskainiko du. Helburua da bertaratutakoek egun desberdin batez gozatzeko aukera izatea, planeta zaintzeko modu berriak ezagutzea eta komunitate konprometitu bateko kide sentitzea.

Beste jarduera askoren artean, festa guztiek argazki erronka kolektibo bat egingo dute irudi mosaiko handi bat sortzeko, mural parte hartzaile bat klimaren aldeko mezu eta marrazkiekin, sasoiko bertako produktuen dastaketak, eta, amaitzeko, bizikleta elektriko baten zozketa.

Klimaren Aldeko Ekintza Jaiak bi data nagusitan izango dira: urriaren 19an, igandea, Urdaibai, Txingudi eta Meatzaldeko Ekoetxeetan, eta urriaren 26an, igandea, Azpeiti eta Añana-Sobrongo Ekoetxeetan, eta banakako 10 mila konpromiso lortzea espero da.

Otras Noticias