Gaur egun

ASTEKLIMA 2021 ekimenak trantsizio energetiko eta klimatikoaren erronka hurbildu die euskaldunei 200 jarduera baino gehiagorekin

ASTEKLIMA 2021
deco-bandas
·Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen bigarren edizioan 61 udalerrik, mankomunitate batek eta administrazio-batzorde batek hartu dute parte, elkarteez eta sektore pribatuaz gain.
·PreCOP26 ‘Urban Klima 2050: Euskadin egokitzapena finantzatzeko eragile anitzeko lankidetza’ ekimen ofizialak 300 ikus-entzule baino gehiago izan zituen eta klima-aldaketaren inguruko Euskadiko proiekturik handienaren aurrerapenak azaldu zituen.

Irailaren 24tik urriaren 3ra bitartean, klima-ekintzak Euskadiko izkina guztiak bete dituzte ASTEKLIMAKlima eta Energiaren Astearen bigarren edizioaren baitan. 61 udalek, mankomunitate batek eta administrazio-batzorde batek hainbat elkarterekin eta sektore pribatuarekin batera hartu duten klima-ekintzarekiko konpromisoari esker, posible izan da ia 200 jarduera antolatzea —lehenengo edizioan 64 izan ziren—; eta jarduera horietan, herritarrek bere egin dute kanpainako leloa: ‘Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da’.

Tailerren, hitzaldien, interpretazio-txanden edo jolasen moduko jardueren eskaintza zabalaren artean, euskal herritarrek klima-aldaketak dakartzan erronketan sakondu ahal izan dute, eta trantsizio energetiko eta klimatikoaren erronkari aurre egiteko tokitik ekiteak duen garrantzia ulertu ahal izan dute.

ASTEKLIMA 2021 ekimeneko agendan mugikortasun jasangarrirako lekua egon da, esate baterako, honako proposamen hauekin: Bilboko Areatzako pasealekua zeharkatu zuen Bridgestone IV. Herri Bizikletaldi Solidarioa; ‘2030 Baso Magikoa’ (Zumaiena Ikastetxearen ekimena, naturaren eta jasangarritasunaren balioetan oinarritua; ikasteko, elkartrukatzeko eta hezkuntza-jarduerarako toki bat lortzeko xedearekin) bezalako hezkuntza-proiektuak; biodibertsitateari, urari eta klima-aldaketaren kontrako herri-ekimenei buruzko tailerrak; txangoak eta ibilaldiak gure ingurua ezagutu eta ulertzeko; edo antzerkia, ipuin-kontalariak eta horma-irudiak bezalako kultura-proposamenak.

PreCOP26 ekimen ofiziala

ASTEKLIMAren bigarren edizioaren funtsezko jardueretako bat ‘Urban Klima 2050: Euskadin egokitzapena finantzatzeko eragile anitzeko lankidetza’ nazioarteko jardunaldia izan da, irailaren 30ean egin zena Bilboko Euskalduna Jauregian. Saio hibrido batean —aurrez aurrekoa eta online— 300 ikus-entzule baino gehiagok, LIFE Ip Urban Klima 2050Europako proiektuaren aurrerapen nagusiak ezagutzeko aukera izan zuten. Proiektu hori datozen urteetarako Euskadiko klima-ekintzako ekimenik handiena da.

Jardunaldia PreCOP26 All4Climate-Italy 2021 programa ofizialaren parte izan zen, Klimaren Gailurraren gelaurrea. Aurten, Glasgowen egingo da, urriaren 31tik azaroaren 12ra bitartean. Jardunaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak bere ibilbide-orrian, Basque Green Deal, jasotako klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko konpromisoak berretsiko ditu. Ibilbide-orri hori garapen ekonomiko justu eta jasangarri baterako eredu bat da eta industria eta teknologia ditu oinarrizko palanka gisa.

Otras Noticias