Gaur egun

Aiarako Kuadrillak, Getxok eta Hernanik eskuratu dituzte Euskadiko toki-erakundeen ekimen onenaren saria, ASTEKLIMA 2024 Sarietan

deco-bandas
  • Eskualde-ekimen onenerako saria Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak jaso du; Errenteriako Udalak 20.000 biztanletik gorako udalerriarentzako saria irabazi du; Ortuellako udala saritua izan da 5.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrien kategorian; eta Maruri-Jatabeko Udalak 5.000 biztanletik beherako udalerriarentzako sariaren aitortza jaso du.

 

  • Ikastetxeen eta lanbide heziketako zentroen kategorian, CEIP San Inazio HLHI Ikastetxeak ekintza onenari dagokion saria jaso du, eta Egoaizia saritua izan da GKE eta elkarteen kategorian.

 

  • 28 erakundek 50 ekimen aurkeztu dituzte, hautagai gisa, ASTEKLIMA 2024 Sarietara. Sari horiek aitortzen dituzte herritarrak klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan sentsibilizatzeko eta haien erantzunkidetasuna lortzeko jarduerak, Euskadiko Klima eta Energiaren Asteko bosgarren edizioan gauzatuak.

  

Aiarako Kuadrillak (Araba), Getxoko Udalak (Bizkaia) eta Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) irabazi dute Euskadiko Klima eta Energiaren astean zehar lurralde historikoetako toki-erakundeek garatu dituzten ekimen onenak aitortzen dituen ASTEKLIMA 2024 Saria. Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatuta, aste hori urriaren 18tik 27ra bitartean egin zen.

Toki-erakundeen kategoriaren barruan, eskualde-ekimen onenerako saria Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak jaso du; Errenteriako Udalak 20.000 biztanletik gorako udalerriarentzako saria jaso du; Ortuellako udala saritua izan da 5.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrien kategorian; eta Maruri-Jatabeko Udalak 5.000 biztanletik beherako udalerrientzako sariaren aitortza jaso du.

Ikastetxeen eta lanbide heziketako zentroen ekimen onenaren saria CEIP San Inazio HLHI Ikastetxeak jaso du, eta Egoaiziak GKE eta elkarteen kategoriako sariaren aitortza eskuratu du.

ASTEKLIMA 2024 sariek aitortzen dituzte herritarrak klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren alorrean sentsibilizatzeko eta haien erantzunkidetasuna lortzeko xedez ASTEKLIMA 2024ren egunetan garatutako jarduerak. 28 erakundek 50 ekimen aurkeztu dituzte deialdiaren kategorietan. Ebaluazio-batzordeak kontuan hartu du jarduerak bat etortzea Trantsizio Energetikoari eta Klima-aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen helburuekin; halaber, kontuan hartu ditu berrikuntza eta sormena, parte-hartzea eta jarduerak biztanleriaren kontzientziazioan izandako inpaktua.

 

Euskadiko toki-erakundeen ekimen onenak

Aiarako Kuadrilla aitortua izan da “Ekintza orok, txikia izan arren, badu bere garrantzia” deritzan jardueragatik; izan ere, bideo baten eta lehiaketa baten bitartez, bere asmoa zen herritarrak kontzientziatzea klima-aldaketaren ondorioez eta ondorio horiek arintzeko har daitezkeen neurriez. Bideoan, klima-aldaketaren inpaktua murrizten laguntzen duten ohiturak hartzera gonbidatzen zen, hori egiteko dauden aukerak azalduz. Lehiaketak, berriz, klima-aldaketarekin eta trantsizio energetikoarekin zuzenean lotuta zeuden galderak egiten zituen. Epaimahaiak kontuan hartu ditu bai parte-hartzea eta bai arrakastaz erabilitako kanal ugariei esker lotutako inpaktua.

Getxoko Udala, bere Ingurumen Atalaren bitartez, saritua izan da “Klima familia-tailerrak” izeneko ekimenagatik; ekimen horretan, klima-aldaketaren inguruan modu ludikoan eta xedetzat hartutako publikoari egokitutako forman eta modu sortzailean diseinatutako hainbat tailer eta jarduera sartzen ziren.

Hernaniko Udala saritua izan da ibaiaren garbiketan aurkitutako hondakinen erakusketagatik. Erakusketak, jasotako hondakinez gain, garbiketan hartutako argazkiak ere sartzen zituen barne. Ekimen horrek ahalbidetu du hondakinen sorreraz eta hondakin-urek floran eta faunan duten ondorioez sentsibilizatzea.

 

Toki-erakundeentzako sariak

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak aitortza jaso du “Herritarrentzako komunitate energetikoei buruzko tailerra” deritzan Ekimenagatik. Prestakuntza-ekimen bat da, helburutzat duena komunitate energetikoetan parte-hartzearen alde egitea; izan ere, komunitate horiek trantsizio energetikorako aukera gisa agertzen dira, zeren lagungarriak baitira erabilitako energia berriztagarrien ehunekoa handitzeko, Berotegi-efektuko gasak (BEG) murrizteko eta energiaren azken kontsumoan aurrezteko.

Errenteriako Udalak 20.000 biztanletik gorako udalerrien kategoriaren saria jaso du, “Komunitate energetikoak eta autokontsumo kolektiboa. Ekiherriko lehenengo instalazio fotovoltaikoa” jardueragatik. Ekiherri komunitate energetikoak Egiluze eskolako instalazioak aurkeztu ditu. Kategoria horretako akzesita Eibarko Udalarentzat izan da, “ASTEKLIMA Interes-zentroa” jardueragatik.

5.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrien kategorian, saria Ortuellako Udalarentzat izan da, “Energia berriztagarriei buruzko haur-tailerra” ekimenagatik. Oso ikuspegi praktiko batez, ekimen horrek haurrak sentsibilizatzen zituen energia fotovoltaikoaren garrantziaz.

Maruri-Jatabeko Udalak 5.000 biztanletik beherako udalerrientzako saria jaso du, tokiko eta hurbileko kontsumoa antzerkiaren bidez sustatzeagatik. “Eneko eta Ixabel, bertoko elikagaien bila” izeneko antzezlanak bertoko produktuen sustapena, ekoizpena eta kontsumoa bultzatu ditu familia-publikoaren artean. Aldi berean, baliagarria izan da elikagaien ekoizpenak isurketa kutsagarrietan duen garrantziaz kontzientziatzeko. Udalerri txikien kategoria horretako bi akzesitei dagokienez, bata Dimako Udalarentzat izan da, “Basogintza jasangarrirantz”  jardueragatik, eta bestea Muxikako Udalarentzat, “Muxika, Ibarruri eta Gorozikako bigarren eskuko azoka 2024” ekintzagatik.

 

Ikastetxeak, GKEak eta elkarteak

Gainerako eragileek aurkeztutako ekimenen barruan, CEIP San Inazio HLHI Ikastetxeak ikastetxe eta lanbide heziketako zentroentzako saria jaso du, “4. ikasmailako maskota klima-aldaketaz kontzientziatzeko” ekintzagatik; izan ere, ekintza horrek nabarmentzen du klima-aldaketaren aurka borrokatzeko neurriak hartzearen garrantzia, eta erraz erreplikatu daiteke beste ikasmaila batzuetan. Intxaurrondo Ikastolak akzesit bat lortu du ipuineko pertsonaia bat –Kirima itsas txakurra-  erabiltzeagatik klima-aldaketaz eta honek planetan dituen efektuez kontzientziatzeko.

Azkenik, Egoaiziak GKEen eta elkarteen kategoriako sariaren aitortza jaso du Eibarko “Kontsumo Arduratsu eta Eklogikoaren Azoka” jardueragatik; jarduera horrek 30 ekimen jasangarri eta sentsibilizazio-alternatiba baino gehiago biltzen ditu, eta energia- eta klima-trantsizioaren inguruan ikasteko eta mobilizatzeko espazio bihurtzen da.  Atal horretako akzesita Gaude – Donibane Okupazio Zentroa izeneko Elkartearentzat izan da, “Sare berdeak ehunduz” jardueragatik. Beraren bitartez, lorategi bat hiri-ekosistema bihurtu dute, elementu hauekin: anfibioak dituen urmael bat, fruta-arbolak, ortu ekologikoa, tximeleten oasia, basa-loreen belardiak, etab.

 

ASTEKLIMA 2024

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Ihobe eta EEEren bitartez, ASTEKLIMA 2024ren bosgarren edizioa antolatu zuen urriaren 18tik 27ra bitartean, Klima-aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren baitan, “Ekintza orok, txikia izan arren, badu bere garrantzia” goiburuarekin. Guztira, 83 euskal erakundek 114 jarduera garatu zituzten eta 10 udalerrik Klima Azoka hartu zuten, hau da, Eusko Jaurlaritzako Ihobe eta EEE sustatuko jarduera bat, ibilbide bat proposatzen duena karpa batzuetatik klima-aldaketaren, etxeko ohituren, mugikortasunaren, aisialdiaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sakontzeko.

 

Bilbon, 2024ko azaroaren 29an

Otras Noticias