ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen 6. edizioa urriaren 26an bukatu zen, 10 eguneko egitarau oparoaren ondoren: guztira, 138 jarduera antolatu ziren hiru lurralde historikoetan.
Eusko Jaurlaritzako Jasangarritasun, Ingurumen eta Energia Politikako sailak sustatutako eta Ihobek koordinatutako ekitaldiak hazkunde esanguratsua izan du iazko edizioarekin alderatuta, eta herritarrak, erakundeak eta enpresak trantsizio energetikoaren eta ekintza klimatikoaren alde batzen dituen hitzordu gisa sendotu da.
Azken egunetan ehunka pertsonak hartu dute parte hitzaldi, tailer, erakusketa, bisita gidatu eta orotariko ekintzetan, gaur egungo ingurumen-erronka handiei modu praktikoan heltzeko: mugikortasun iraunkorra, energia-eraginkortasuna, hondakinen kudeaketa, biodibertsitatea eta klima-aldaketaren aurrean egin beharreko egokitzapena. Elkarlanerako espiritua izan da, aurten ere, ASTEKLIMAren nortasun-zigilua: administrazio, elkarte, unibertsitate, kooperatiba, enpresa eta herritarrekin elkarlanean eraikitako programazio anitz eta irekia.
45 udal eta 2.700 biztanle baino gehiago konprometituta
Tokiko ekintzaren garrantzia funtsezkoa izan da beste behin. 2.700 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte edizio honetako jardueretan, herritarrek ekintza klimatikoarekin duten konpromisoa islatuz. Gainera, Euskadiko 786.195 biztanle ordezkatzen dituzten 45 udal zuzenean inplikatu dira jardueren antolaketan.
Ekimenarekin bat egin dute, besteak beste, hainbat hiri handik, tartean, Bilbok, Getxok, Barakaldok, Errenteriak eta Eibarrek, baina baita herri txikiek ere, bakoitzak bere neurritik, helburu beraren alde ekarpena eginez: ekintza klimatikoa eguneroko bizitzara hurbiltzea. Energia-komunitateak eta mugikortasun elektrikoari lotutako ibilbideak, hezkuntzaren alorreko ingurumen programak eta ekonomia zirkularreko proiektuak… Jasangarritasuna tokikotik ere eraikitzen dela erakutsi dute udalek.
Gainera, ezagutza, berrikuntza eta konpromisoa erantsi dituzten 43 erakundez osatutako sare zabala izan du Asteklima 2025ek. Horien artean daude, besteak beste, zientzia-, dibulgazio- eta herritarren partaidetza-proiektuekin lagundu duten Aranzadi Zientzia Elkartea, Tecnalia, Goiener, Kalapie, Herribixi, EkiElkar eta Lurgaia Fundazioa. Haien lanak Euskadi jasangarriago eta erresilienteago baten ikuspegi partekatua indartu du, non trantsizio energetikoa lankidetzaren eta gizarte-inplikazioaren bidez eraikitzen den.
KLIMA AZOKA, herritarren sentsibilizaziorako ardatz ibiltaria
ASTEKLIMA 2025en ardatz nagusietako bat izan da, beste behin, Klima Azoka, ekintza klimatikoa herritarrengana hurbiltzen lagundu baitu energiari eta jasangarritasunari lotutako jarduera, joko eta tailer parte-hartzaile eta praktikoen bidez. Urriaren 17tik 26ra, Euskal Autonomia Erkidegoko hamar udalerri bisitatu zituen azokak, hala nola, Hernani, Getxo, Irun, Zalla, Amurrio, Arrasate, Legazpi, Mungia, Ortuella eta Sobrón, eta plaza eta espazio publikoak klima aldaketari aurre nola egin ikasteko eta ekintzak abian jartzeko gune bihurtu ziren.
Aurtengo edizioak utzitako datuek, halaber, agerian utzi dute Klima Azoka sentsibilizaziorako tresna ezin hobea dela: guztira 1.286 lagunek hartu dute parte jardueretan, eta 4,73ko puntuazio orokorra eman diote ekimenari (5 puntuko eskalan) . Ekimena antolatu duten udalek, gainera, azokak izandako harrera eta antolakuntza bikaina azpimarratu dituzte, eta batez beste 4ko puntuazioa eman diote proiektuari. Horregatik, ohitura jasangarriak sustatzeko eta eredu energetiko arduratsuago eta iraunkorrago baterantz aurrera egiteko bidean, erakundeen eta herritarren arteko topagune gisa duen papera indartu du Klima Azokak.
ASTEKLIMA 2025en aitortzak
Bigarren urtez jarraian, edizio honetan garatu diren ekimen inspiratzaileenak aitortuko ditu Asteklimak. Aintzatespen hauen bidez, erakundeek, enpresek, ikastetxeek eta herritarrek garapen-eredu iraunkorrago eta bidezkoago bat lortzeko erakutsi duten konpromisoa balion jarriko da, trantsizio energetikoaren eta ekintza klimatikoaren arloko praktika onenak nabarmenduz.
Saritutako proiektuak datozen asteetan iragarriko dira, eta ideia berriak bultzatzeko, esperientziak trukatzeko eta klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurrean euskal sare aktiboa finkatzeko konpromisoa berretsiko du Asteklimak.